Antzinako erresumak paisaia mota asko eskaintzen dizkio bisitariari. Pirinioetako gailur altuetatik eta ibar leunetatik hasirik —Erronkari, Zaraitzu, Aezkoa eta Baztan— hegoaldean Bardeak eskaintzen duen basamortuko paisaiara heldu arte.
Nafarroako iparraldeak eta Frantziak partekatzen dute Iratiko oihana, Europako pagadi garrantzitsuenen artean bigarrena. Magiaz beterik ditugu Zugarramurdi eta Urdazubiko leize misteriotsuak, sorginak biltzen baitziren han akelarreak egiteko.
Bertiz Jaurerriko natur parkean planetako bazter guztietako landareak hazten dira. Bertizko Jauregiak biltzar txikiak egiteko aukera eskaintzen du.
Nafarroan iragatean, Donejakue bideak erlijio-arkitektura alorreko harribitxi baliotsuak utzi ditu. Erdialdeko eliza erromanikoek eta monasterioek ederki agertzen dute altxor hori: Leire, Oliva, Eunate, Irantzu eta Iratxekoek, besteak beste.
Gazteluz josirik dago Erdialdea, Erriberriko errege jauregia eta Xabierko gaztelu izugarria (San Frantzisko Xabierkoaren sorlekua), besteak beste.
Erriberarekin batera, Nafarroako Erdialdeak ardogintzaren ekoizpenerako baldintza bikainak eskaintzen ditu. Horregatik, hain zuzen ere, upategi ugari daude han, eta bere ardoek nazioarteko sariak irabazten dituzte urtez urte.
Foru Komunitateko Erriberak Bardeako paisaia izugarria eskaintzen du. Basamortu itxurako eremu zabala da hori, eta bizikletaz, oinez edo autoz egiten ahal diren ibilbidez josirik dago.
Tutera, Erriberako hiriburua, kulturen arteko elkarbizitzaren hiri adierazgarria izan zen. Izan ere, kultura haiek aztarnak utzi zituzten hirian. Gaur egun, judutegien sareari loturik dago hiria. Katedral eder-ederra du Ebroko hiriak, duela gutxi zaharberritua.
Arellanoko “Las Musas” hiriak argi agertzen du Nafarroan erromatarrak egon zirela. Era berean, Mendigorriatik hurbil beste herri erromatar bat dago: Andelos.
Bisitatu Nafarroako Turismoko webgunea