Nafarroak paisaia desberdin asko eskaintzen dizkio bisitariari. Bisita egiten diguten guztiok esaten dute gurera heltzean aire garbia arnasteko sentsazioa dutela. Ura protagonista nagusia da Nafarroan. Izan ere, urak berdez janzten ditu Erronkari, Zaraitzu, Aezkoa eta Baztan ibarrak. Pirinioetako atariko paisaia eder-ederra eskaintzen dute bazter guztiok. Beste askoren artean, Iratiko oihana, Bertizko Jaurerria edo Zugarramurdiko leizeak natura puruaren erakusgarri batzuk dira.
Nafarroako Erdialdean elizak eta baseliza erromanikoak eta gazteluak nabarmentzen dira, eta amets egiteko parada eskaintzen digute. Eskualdean ardo ugari ekoizten denez, mahasti ederrak nonahi ageri dira soroetan, eta, udaberrian, margarita, mitxoleta eta ekilorez gainezkaturik, kolore sorta paregabea eskaintzen dute. Beraz, merezi du Lizarra, Erriberri, Tafalla eta Zangoza bisitatzea. Era berean, Andelos, Arellanoko hiri erromatarra eta Ardoaren Museoa bisitatu beharreko lekuak dira.
Nafarroako Errege Bardean, kontrasteen edertasun izugarria eskaintzen du Erriberak. Bardea biosferako erreserba da. Garai batzuetan, malkartsua eta lehorra da hango paisaia, eta beste batzuetan, berriz, berdea eta hezea. Bazter batzuetan, Pitillasko aintziran, adibidez, txorien txioa da eremuko soinu bakarra.
Ebro ibaia hango protagonista nagusia da, eta, horrekin batera, Aragoi eta Ega ibaiak. Uhalde guztiok baratze emankorrak ureztatzen dituztenez, barazki gozo-gozoak ekoizten dira eskualdean: Tuterako kukuluak, orburuak, Lodosako pikillo piperrak eta zainzuriak. Nafarroako baratzeena berezko paisaia da, plastikotasun handia duena.